XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-... hemen nago eta txorixo mutur bat daukat patrikan, Madame Kontxexi.

Gizaseme haren ahotsari, esperantza guztia galduta zeukala bazirudien ere, galdu behar ez den solidaritate gastronomikoaren tonu irmoa geratzen zitzaionez, Madame ahots aldera inguratu zen.

- Zer dela eta, ezagutzen nauzu? - Zeuk ere ezagutzen nauzu.

Orduantxe biztu zen kalabozoari falta zitzaion argia Madame Kontxexiren ganbaran: - Aibalarrusia! Enziklopedia saltzailea! Badakit zergatik zauden hemen.

- A, bai? Eta zergatik, atrebentzia ez bada?.

- Goardia zibilen bati enziklopedia poetiko hori saldu nahi izan diozulako.

- Ez duzu umorea galtzen, ezta?.

Madame Kontxexi, horma hezeak bere bi eskuez aztamatuz iritsi zen ahotsaren jabearengana.

Bere ondoan eseri zen, ateratako hotsari jaramon egin behar baldin bazaio, jergoi bat izan behar zuen hartan.

- Zergatik zaude, orduan, hemen?.

- Baneramatzan hiru hilabete luze enziklopedia poetiko bakar bat saldu gabe eta zure semearekin tratua borobiltzea lortu dudanean, zer egin behar nuela iruditzen zaizu, Madame?.

- Ez dakit ba... - Zurrutera joan naiz - Ez dirudi mozkortuta zaudenik.